XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Botere-gunean dagoen klasearen helburua, beraz, Estatu izatetik Nazio izatera pasatzea izango da.

Gure kasuan, Estatu Espainol edo Estatu Frantses izatetik, Espainia edo Frantzia izatera.

Alegia, batasun administratibotik, gizarteko batasunera, bigarren honetan nazio hizkuntzak eta nazio kulturak aparteko lekua beteko dutelarik.

Menperaturiko lurralde batean hizkuntza bat ezartzea, edota nazio kultura bat hedatzea, jadanik ikusi dugunez, ez da estatu-nazioaren ekarpen berria; historian zehar izan diren klase menperatzaile gehienek halaxe jokatu baitute 56 Ikus Txillardegiren lanari buruz esandakoak, lehenengo zatian..

Estatu modernoaren eraikuntza garaian, ordea, baldintza berriak ditugu: herri klaseen presentzia hazkorra gizartean besteak beste sistema demokratikoen sorreraren ondorioz; kapitalismoak ezartzen dituen produkzio eta kontsumo modu berriak lehenengoak populazioaren formazio maila igo beharra du; bigarrenak merkatugai bihurtzen du kultura bera; komunikazioaren teknologiaren garapena; botere kontzentrazioaren modu berriak, e.a.

Faktore hauen, eta beste batzuen ondorioz, estatu-nazioa legitimatuko duen nazio kultura, hein handi batean, masa kultura deiturikoa izango da.

Horixe erakusten digu estatu espainolaren historiak berak.

Estatu honek azken mendeotan izandako kultur politika aztertzen duen lan batean, E. Fernández Pradok honelako mugimendu bat seinalatzen du, historian zehar: kultur politikaren ikusmiran kultura aristokratiko eta landua izatetik, estatuak gero eta gehiago begiratuko dio herriarentzat eginiko kulturari 57 FERNANDEZ PRADO, E. (1991): La política cultural. Qué es y para qué sirve. Trea. Gijón..

Ilustrazioaren lehenengo argiekin batera hasiko da hedatzen hiritarren ongizatea hezkuntzaren bidez lortu beharraren ideia.

Baina XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, estatu espainolaren kultur politika ondasun historikoaren babesa izango du ardatz nagusitzat liburutegiak, museoak, eta akademiak sortzeari ekinez, herriarentzako kultura hedatzea bigarren maila batean geratuko delarik, eta sarritan lehenengo helburuari kontrajarrita gainera.

Horrela, Fernández Pradok dioen legez, 1931.eko Errepublikara arte ez da gauzatuko (...)